XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BERIBILEZ

BROUSSAIN mediku eskualzale karsuak maite baitzituen bihotzez eskualdun probintziak, laket zitzakon hango eremuetan barna zonbait egunen artetan iragaitea.

Oinez zabilan ardura, asti osoa hartuz, abiatzean gogoari eman gabetarik norat hel, ez noizko, - nun nahi baratua herritarrekin solasean, edo bazterrari so.

Eta nolako begi erneak etzituen, beharriak zoin zabal etzatchikizkan eskuarazko hizkuntza edozoini!.

Bere biziko gozorik hoberenak eskual-herriari berari kendurik hil izana da.

Orhoitgarrienak Donostiatik Bilbaorainoko itsas-hegiak, Lekeitio bide erdi, utzi zaizkola zion.

Haren Ahaleko eskualzale guti orai, gutartean.

Astia nun ginuke bertzalde?.

Urthe idorrak erori zaizkigu bizkarrerat: egiteko hanitz, irabaziak chuhur, gogoa lanak atsegetua.

Noizean behin baizik ez-gitazke herritik athera, mendiez bertzaldeko joan-jin batentzat; orduan ere beribilez, tarrapataka, burrumban, begi beharriak gelditzen zaizkularik zoro eta buru-barnea eltzagortua.

Ikusi ala adituez zer derasakegu geroztik ahoz edo lumaz, mami hazkurritsu zerbait dakarkenik?.

Gauzen itchuraz, achalaz baizik ez gitazke mintza, izaitez nolako diren ezin dukegulakotz gure lasterkan zilatu.

Irakurlea gogorkiegi jazarriko etzaitalakoan, ausartatuko niz halere, berriki auzoan eginikako itzuliño batez zonbait lerroren hemen ezartzera.

Agorrileko lehen astezken goizean abiatu ginen beraz Cambotik zazpi lagun, hiru gizon eta lau andre, bi beribil atherbedunetan, arratsean berean gibelerat sartzeko.